XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HEZKUNTZAREN INGURUAN
Euskararen irakaskuntza.

EUSKARAREN irakaskuntzan eginiko lanak ez du nahi hainbateko emaitzarik eman, euskalduntze prozesoa nekeza eta zaila da, bertan sartutako orduek ez dute nahi hainbateko aurrerakadarik erakusten, irakaskuntza bera, metodologiak, motibazioaren eragina, iraupena, erabilpena bera, azterkizun dira.

Uste horretakoak dira hezkuntza, sailean, eta hezkuntzaz kanpo, lanean diharduten irakasle asko.

Gai honetan sailak bereizi egin behar dira.

Gauza bat da euskara irakastea, gramatikalki menderatzea, beharrezko diren hiztegi eta erregelen jabe izatea, irakaskuntzaren ikuspegitik aurrez ezarritako jomuga eta helburu nagusiak lortzea.

Eta guzti hori lortzen baldin bada, ez da gutxi.

Izan ere urteak joan eta urteak etorri, ustez euskara ikasten ari direlakoan, praktikan ez bait da aurrerakada haundirik sumatzen.

Askotan euskara ikasten, lantzen ari den zenbait ez da euskal zaletasunak zuzenean eraginda horretan ari.

EGA titulua eskuratu nahi dutela eta ehundaka gazte hor ari dira jo eta ke, maila gainditu nahirik.

Guzti horien ahaleginak poza eta esperantzarik sortaraz lezake.

Bada zerbait.

Baina beti ere beste galderatxo geldi ohi zaigu hor zintzilik: ikasle guzti horiek benetan euskalduntzen, euskalzaletzen al ditugu?.

Dena den, eta galdera horren erantzunik ez dudanez, hezkuntza arloan ematen den euskararen irakaskuntzari lotuko natzaio.

Pauso serio bat emateko garaia heldua dela iruditzen zaigu.

Azken urteotan gorakada nabarmena eman da, euskararen irakaskuntzara, nolabait neu ere tarteko naizelarik, jende asko iritsi da, askotan gaitasunaren aldetik behar hainbateko mailara iristen ez den jendea, euskara ezagutuagatik irakasteko metodologian behar bezala trebatu gabea.

Irakatsiz ere gu geu ikasten ari bait gara.

Guzti horretaz gain, erdal ardaratzen inguruan jira-biran bizi den ikasleak halako tartetxo batzuk hartzen ditu, eta matematika edo gizartea tokatzen zaiolako ikasten duen bezala, euskara klasetara era beretsuan azaltzen da, eguneroko rutinan murgiltzen, ez aurrera, ez atzera ezeren mugimendurik sumatzen ez duelarik.

Euskara klaseetik irten eta gero berriro erdal giroan murgildurik jarraitzen du bere bizitzak.

Horrelakoetan euskara klasea parentesi llabur baino ez da, gainontzeko zereginetan zer ikusirik ez duena.

Euskararen irakaskuntza ez da euskal irakaslearen arazo soila, ikastetxe osoak, irakasle klaustro osoak, are gehiago, eskola osatzen duten partaide guztiek, bideratu beharreko arazoa da.

Euskararen klaseetan ikasten dutena, erabiltzeko beste gainontzeko saioetan nolabait bideak zabaldu egin behar dira.

Disziplina desberdinetako irakaslen laguntza behar da.

Ikasleek, esate baterako, zenbakiak kontatzen ikasteari berehala ekingo diote.

Soinketako irakaslea, eman dezagun erdalduna dela, euskaraz kontatzen jakingo du agian, baina bere saio guztiak erdaraz egiten ditu.

Orobat gainontzeko irakasleek.

Eta horrela, euskarak jai dauka.

Kandela jaso nahi duen gurasoak ere balekike zer egin.

Mikel Ugalde.